XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Unitate metagarrizko sistemaren barneko helburu guztiak sistema koherentea osatzeko moduan deskribatu behar dira gainera.

Beraz, derrigorrezkoa da unitate metagarrizko sistema osoaren azpian modelo bakarra eta oinarrizko arau berberak egotea.

Eskakizun hau betez bakarrik nabarmenduko dira helburu guztien arteko loturak, eta ikusi ahal izango da helburuak maila berdinean dauden ala ez.

Orduan bakarrik zehaz dezakegu zer-nolako ikaskuntz progresioa eraman dezaketen ikasleek.

Laburbilduz, honako urrats hauek dira derrigorrezko unitate metagarrizko edozein sistematan:
1.- Ikaslearen beharren ikerketa eta analisia;
2.- Antzeko beharrak dituzten ikasleak taldean elkarrekin jartzea;
3.- Maila bakoitzeko beharrei erantzuteko moduan, ikaskuntz helburuak sistema oso batean elkarrekin nola lotu deskribatzea;
4.- Ikaskuntzarako egokierak ipintzea, ikasleek ahalik eta zuzenen irits ditzaten helburu guztiak.

HIZKUNTZ IKASKUNTZAREN HELBURUAK

Beste ikaskuntz helburuen gisa, hizkuntz ikaskuntzaren helburuak ere portaera (behaviour) terminotan deskribatzen dira.

Ikaskuntzaren helmuga ikaslea gai egitea da, ikaskuntz prozesuaren hasieran menderatzen ez zuen zerbait menderatzeko gai egitea, hain zuzen ere.

Hau berdin aplikatzen da nola ahalmen fisikoen alorrean (bizikletan ibiltzearenean, esaterako) hala hain begi bistakoak ez diren ahalmenen alorrean ere (mota desberdinetako ardoak bereiztearenean, teoria zientifikoren bat ulertzearenean etab.).

Gainera, 1. puntuan ikusi dugunez, ikaskuntzaren helburuak ikaslearen ikaskuntz beharretara egokitu behar dira.

Honek esan nahi du, helburu bat deskribatzen hasi aurretik, ikasle-taldearen beharrak deskribatu behar ditugula, hots, helmuga-taldea, the targetgroup edo el grupo meta).

Behin helmugako taldea deskribatuz gero eta orduan bakarrik saiatuko gara talde honek hizkuntza arrotza zertarako behar duen ahalik eta zehazkien mugatzen.

Ez da aski hizkuntza arrotza hitzegiten jakin behar dute esatea; hori ez da nahiko zehatza eta.

Izan ere, apenas duen zentzu handirik edozein hizkuntza mintzatzen jakiteak, aldi berean hiztuna hizkuntza hori ulertzeko gauza ez bada.

Gainera, noiz esan daiteke norbaitek hizkuntza batean hitz egiten badakiela?.

Esate baterako, noiz esan daiteke norbait bere ezagunekin eguraldiaz mintzatzeko gai dela edota bilera ofizial batean jendaurrean mintzatzeko gai dela?.

Badirudi horrek zerikusi handia duela ikasleak biziko dituen egoera motekin.

Alde ederra dago auzitegiko itzultzaile profesionalaren eta pasadizoko turistaren artean.

Helmuga-talde baten ikaskuntz helburuak deskribatzerakoan, hizkuntza arrotza zein egoeratan erabili beharko den adierazi beharko dugu lehenbizi.

Egoera bat deskribatzea zera da: hiztunak jokatu behar dituen rolak, rol horien inguruguneak eta beroietan erabili beharreko gaiak adieraztea.

Teknikokiago esanda, egoera hizkuntz egintza baten izaera determinatzen duten baldintza extralinguistikoen multzoa da.

Helmuga-taldeko kideek hizkuntza arrotza zein egoeratan erabili beharko duten mugatu ondoren, egoera horietan zer egin beharko duten zehazten saia gaitezke.

Lehenbizi ikasleak zein hizkuntz ekintzatan parte hartu beharko duen zehaztuko dugu.

Ekintza hauek nahiko errazak izan daitezke, hala nola irratiko meteorologi berriak ulertzea; (...).